Zero zabor

    

Zero Zabor eredua da Garbitaniaren ardatza. Ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta ahal bezainbat berrerabili eta birziklatzea da helburua.

Naturan, berez, ez da zaborrik sortzen. Guztiak du bere zikloa eta ziklo hori ez da inoiz eteten, inoiz ez da ezer baliogabe bihurtzen. Gizakia da zaborra sortzen duen izaki bakarra. Kontsumo-gizartea guztia erosi, erabili eta botatzean oinarritzen da, baina hori ez da bideragarria ez etikoki, ezta ekonomikoki eta ekologikoki ere.

Zero Zabor ereduak horri guztiari buelta ematen dio. Batere zaborrik ez sortzea da helburua, eta horretarako gizarte-eredua bera aldatu behar da. Jarduera ekonomiko guztiek hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzera zuzenduta egon behar dute. Baten hondakinek bestearen lehengaiak izan behar dute, eta ez zaborra.