Kalitatea

Kalitatea

Garbitaniak bere jarduera guztia honako baloreen baitan egiteko bokazioa du:

1. Atez ateko sistemarekiko atxikimendu osoa: hondakinak kudeatzeko sistema ekonomiko, eramangarri, hezitzaile, solidario eta finean egokiena denaren konbentzimendu osoak, sistema horren gaineko ikerketa, formazio eta jarraipena egitera bultzatzen du Garbitania. Helburua ez da hondakin-bilketa ezberdinen inguruko proiektu edo ezarpenak egitea. Garbitaniaren apustua Zero Zabor eredu integrala da, atez ateko bilketa eta etxean zein komunitatean konposta egitea oinarri hartuta.

2. Auzolana: Erleek egiten duten gisan, eztia denon artean ekoitzi behar dugu. Hondakinek arazo izateari utz diezaioten, norbanako eta erakunde guztiek jarrera aktiboa ian eta erantzukizunez jokatu behar dugu. Guztiok hondakinen arazoan soluzioaren parte bilakatu behar dugu.

3. Ikerketa, industria eta hezkuntza: Garbitaniak hondakinen inguruko ikerketa, industria eta hezkuntza garatzea sustatuko du. Hondakinak ez ditu arazotzat jotzen, etorkizun iraunkor eta aurrerakoi baterako aukera izan daitezke.

4. Zintzotasuna: kapital sozialaren %100 publikoa den enpresa izanik ez dugu irabaziak pilatzeko ez asmorik ezta eginkizunik ere. Proiektuarekiko atxikimenduan oinarritzen gara eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko, etengabeko formazioa, bidelagun berriak eta sistema hobetzea ditugu helburu. Bidean topa ditzakegun zailtasunen aurrean edo egin ditzakegun aurkikuntzen aurrean, zintzoki jokatzea eta jakintza hori elkarbanatzea dagokigu.

5. Bertako proiektua: Euskal Herritik Euskal Herrira sortutako proiektua izanik, oinarri gisa euskara jarri dugu. Edozein arlotan euskaraz komunikatu zein lan egiteko aspektua hasieratik bermatzen dugu.