Arrakasta kasuak

Atez ateko hondakinen bilketa selektiboa ez da sistema berria. Munduko hainbat txokotan egiten da, hiri handi zein herri txikiagoetan. Atez ateko bilketaren abantaila nagusienetako bat egoera eta kasu bakoitzera moldatzeko eskaintzen duen aukera da. Erabat barreiatutako herri txikietan praktikatzen da, baita hirigune oso jendetsuak dituzten hirietan ere.

Gipuzkoa

Bi urtean, Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako ia 40.000 biztanlek beren hondakinen arazoa konpontzea lortu dute. Ezaugarri oso ezberdinetako herriak dira, baina denek lortu dute beren hondakinen %80tik gora birziklatzea. Gipuzkoa 700.000 biztanleko lurraldea dela jakinik, erraza litzateke “zero zabor” helburuak ezarri eta lortzea.

Ikusi Bideo bilduma

Usurbil, osasuna atez ateUsurbil

Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Sailak hondakinen prebentzio eta kudeaketarako eredu bezala jarri du Usurbileko atez atekoa bere webgunean.

Bertan, Usurbileko proiektua azaltzen da eta 2010ean lortutako emaitza positiboak aipatzen dira: birziklatze-tasa %62 igotzea, materia organikoa bereizita kudeatzea, autokonposta sustatzea…

Ikusi proiektuaren fitxa osoa

Kataluniar Herrialdeak

Katalunian ia 100 herri ari dira beren hondakinak atez ate biltzen. Duela 10 urte hasi ziren eta, 560.000 biztanlek egiten dute egun atez atekoa.

Balear uharteetan ere badira atez ateko bilketa egiten duten herriak. Uharteak dira eta, beraz, kontu handiz kudeatu behar dituzte beren hondakinak bertan ez baitute lekurik eta hondakinak beste leku batzuetara eramatea oso garestia ateratzen baitzaie.

Italia

18 milioi biztanleren hondakinak biltzen dira atez ate, Italian. Birziklapenean ez ezik, aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte hondakin gutxiago sortzeko bidean ere. Besteak beste, sortzen den hondakin kopuruaren baitako tasak dituzte, hainbat lekutan. Legeak berak agintzen ditu birziklatze-tasak eta administrazioak diruz laguntzen ditu atez ateko bilketaren ezarpenak.

Liverpool (Ingalaterra)

Liverpool Ingalaterran gutxien birziklatzen zuen hirietako bat izan da orain dela gutxi arte. 2006az geroztik, ordea, buelta eman dio egoera horri.

Orduan hasi zen Udala herritarrei hondakin birziklagarriak, baita organikoa ere, sailkatzeko ontziak banatzen. Tamaina ezberdinetako ontziak dituzte etxean, familia bakoitzaren behar eta aukeren baitakoak.

Bilketarako sistema berriak gauzak erraztu dizkie herritarrei eta, horrela, birziklatze-maila altuagoak lortu dituzte.

San Frantzisko (AEB)

San Frantziskon, legez dago debekatuta hondakin-mota ezberdinak nahastea. 820.000 biztanle ditu San Frantziskok eta “zero zabor” helburua jarri diote beren buruari 2020rako. Une honetan hondakinen %72 birziklatzen dute. Errausketaren kontu handiak eta emaitza eskasa aurreikusita, moratoria ezarri eta atez atekoarekin saiatzen ari dira.

Kanada

Etxean sortzen ditugun hondakinen %42a hondakin organikoak dira, janari hondarrak. Beste hondakin motekin nahastuta oso kutsagarriak eta arriskutsuak dira, baina sailkatuta jasoz gero, birziklatzen errazenak dira: etxean bertan konpostatu daitezke eta, bertatik ongarria lortu.

Kanadan herritar askok konpostatzen dituzte beren hondakinak etxean bertan, herrialdeak berak dituen ezaugarriei eta hori bultzatzeko egin den lanari esker. Victoria hirian, adibidez, herritarren %40ak egiten du konposta etxean.

Australia

Australiarrak birziklatzeko ohitura handia dute, ingurumena asko zaintzen dute eta naturari errespetu handia diote. Ondo egituratuako elkartek egiten du lan “Zero zabor” filosofia bultzatzeko jardunean.

Taiwan

“Zero zabor” helburua jarri diote beren buruari 2020rako, zabortegiak eta errauste-plantak ixteko asmoarekin. Zaborra %56 gutxitu dute 1997tik hona, eta orain birziklatu egiten dute hori guztia.